2015-04-29

ANTXIÑE MENDIZABAL IDAZLEAREN AZKEN LIBURUAK



LIBURUTEGIAN ANTXIÑE MENDIZABALEN BI LIBURU BERRI: "NIRE ALABAK EZ DAUKA ERREMEDIORIK" ETA "AMA GAIZTOAREN IPUINA".


Nire alabak ez dauka erremediorik 


Iratik hamalau urte bete ditu eta, denbora asko ez dela, fundamentu handiko neska zen: esanekoa, arduratsua, adeitsua, atsegina, beti umore oneko... Orain, berriz, arropaz beste aldatzen da aldartez. Batzuetan egoten da goibel antzean, burumakur, ondo ezik bezala. Handik gutxira egon daiteke zeharo petralduta, pipermina baino erreago, eztanda egiteko puntuan. Eta begien itxi-ireki batean jarri daiteke kriskitinak baino alaiago. Izan ere, Iratiren hormonak lozorrotik atera eta bazterrak nahasten hasi dira, etxeko bakea hankaz gora jarriz. Nerabezaroa ez da gaixotasun bat, baina pasa egin behar da. Etxeko guztiek pasa behar izaten dute.



Ama gaiztoaren ipuina

"Ama gaiztoaren ipuina"-ren abiapuntua bi ahizparen arteko elkarrizketa da. Txikiari asko gustatzen zaizkio ipuinak, eta handiak esaten dio ez fidatzeko. «Oraindik ez al zara konturatu ipuin guztiak gezurra direla?», esaten dio, halako batean. Haserretu egiten dira, baina, betiko moduan, atzera laster adiskidetzen dira, eta ahizpa handiak hartzen du ‘Ahatetxo itsusia’ ipuina eta irakurtzen hasten zaio. Berandu gabe geldiarazten du ahizpa txikiak, hau galdetzeko: «Zuk zer uste duzu? Ahatetxo itsusiaren ama gaiztoa dela?». Azkenean, Antxiñe Mendizabalen esanetan, «ez da inon ama gaiztorik topatzen, eta maitasun istorio bat loratzen da».